Kultura Zerbitzuak
Azken urte hauetan, hainbat udaletako errealitatea ezagutu dugu eta bertako kultura teknikarien egoera gertutik ezagutzeko aukera izan dugu. Oro har, badago nabarmentzen den ondorio bat, eta zera da: askotan, udaletako kultura teknikari eta koordinatzaileak, kultur ekintzak eta ekitaldiak antolatzera mugatzen dira, iparra edo helburua garbi izan gabe.
Kultura sektore moduan hartuz gero, nabarmendu beharreko elementu bat dago: egituratze maila. Kulturaren sektorean erakunde, elkarte, norbanako, eragile… askok hartzen du parte. Oso aberatsa da zentzu horretan, baina egoera horrek denak elkartzea, koordinatzea, kudeatzea zailtzen du.
Aipagarria da, halaber, zenbateko kultura eskaintza dagoen eta programazioa zein askotarikoa eta ugaria den, herri eta eskualde guztietan. Aberastasun hori euskal kulturaren ezaugarrietakoa da, baina egituratu gabe egoteak bere kudeaketa zailtzen du.
Kultura teknikari eta koordinatzaileek herriko elkarte eta sortzaileekin harreman gehiago edo gutxiago dute, baina bitartekari eta koordinatzaile lanak egiten dituzte eta aldi berean jarduera ugari kudeatzea egokitzen zaie. Horri lotuta, sarri askotan, kudeaketarako baliabideak falta zaizkiela azpimarratu digute.
Aipatutakoak kontuan izanik, EMUNek kultur zerbitzu askotarikoa eskaintzen du, gaur egun egiten dena eta aurrerantzean egin nahi dena guztion artean landu, adostu eta kudeatzeko tresna egokiak eskura jarriz.
Informazio gehiago kulturagara blogean daukazu