« Itzuli albistegira

Agur eta ohore Txillardegi

2012-01-16  ¦  EMUN

Izan zare(te)lako izango gara!

Euskaltzale eta abertzale nekaezina joan zaigu eta badirudi, azkenik, justizia egingo dela berarekin. Zorionez ugariak izan dira Txillardegi eta bere ekarpenei buruz egindako aitortzak. Ez ditugu errepikatuko gure mundu txikian luze eta zabal aipatu direnak, detaile baten berri eman nahi dugu. Urteak daramatza EMUNek arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera bultzatzeko planak bideratzen. Bazterretan gaiari heltzeko erein behar izaten dugu eta, ereite lan horretan, “Euskara, espazio berriak irabazten” puntua azaldu ohi dugu. Bada,euskararen normalizazio prozesuari egindako begirada horretan arlo askotan eragin duten entitate ugari aipatzen ditugu, baina 2 pertsonen izenak aipatzen ditugu soilik, eta horietako bat, hizkuntzaren estatusari egindako ekarpena azpimarratuz, Txillardegi da. Horrela jarraituko dugu aurrerantzean, dagokionari dagokiona ematen. Zuk emandakoa gurekin gelditzen da, izan zare(te)lako izango gara!