EMUNek “Kulturartekotasuna: herria, hizkuntza eta hezkuntza” jardunaldia antolatu du.
2011-09-05 ¦ Emun
Irailaren 20an egingo da Gasteizko Villa Suso Jauregian.
Immigrazioa, kulturartekotasuna, integrazioa, eleaniztasuna…hitz potoloak dira eta azken aldian ahoz aho dabiltza gure herri eta hirietan. Azken urteetan erronka berri baten aurrean aurkitu dira gure herriak: beste herrialdetatik heldu diren pertsona horien eta herrietako bizilagun guztien arteko integrazioa eta elkarbizitza.
Integrazioa helburu, eragile guztiak kontu honi heldu behar diogulakoan gaude. Horregatik, EMUNen hasi gara gaia lantzen, eta herrietako euskara eta immigrazio teknikari, hezkuntzako profesionalak eta euskalgintzako kideekin batera jardunaldi bat egin nahi dugu.
Jardunaldia irailaren 20an egingo dugu Gasteizko Villa Suso Jauregian. Bertan Kataluniako esperientziekin batera, bertako berritzeguneetan egiten den lana ere ezagutuko dugu eta gainera, etorkin baten esperientziak ere lehen eskutik entzun ahal izango ditugu. Jardunaldiaren oinarria tailerrak izango dira; tailer bana proposatzen dugu jarduera esparru bakoitzarentzat, bertaratzen zareten guztientzako jardunaldia praktikoa izatea nahi dugulako.
Izen-ematea Irailaren 7tik 16ra bitartean.
Informazio gehiago www.immigrazioa.com

