« Itzuli albistegira

Diru laguntza berrien deialdiari erantzuteko bidean

2010-06-09  ¦  EMUN

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak enpresen munduan euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko, Euskara Bizeberritzeko Plan Nagusia (EBPN) garatzeko eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan (IKT) euskara sustatzeko diru-laguntzen deialdia argitaratu berri du.

2010ean 2.200.000 euro banatuko ditu guztira, halako lanetan dabiltzan edo hasiko diren enpresen artean. Hilabeteko epea eman dute garatu beharreko planen diseinuak aurkezteko eta berau gauzatzeko diru-laguntza eskatzeko. Aurten, dena den, 2010eko kudeaketa plana ere aurkeztu egin beharko da diseinuarekin batera; ez baitute diseinu hutsa egiteko diru-laguntzarik emango.

Emunek urte askotako esperientzia dauka Euskara Planak egiten, eta badira hamahiru urte, lan mundua euskalduntzen hasi zela. Planen diseinuan, inplementazioan zein kudeaketan ari diren 90 profesional ari dira Emunen lanean, eta diru laguntza hauek ere, lehen eskutik ezagutzen ditugu. Enpresa askori lagundu die planak garatzen eta garatzeko bideak aurkitzen.

Bestalde, urteroko moduan, EBPN garatzeko diru-laguntza deialdia eta IKT deialdia ere egin ditu HPSk. EBPN administrazioan eta erakunde publikoetan garatzen da batez ere, baina IKT deialdia edozein enpresarentzako laguntza izan daiteke. Izan ere, informazioaren eta komunikazioaren teknologietan euskara sustatzeko ematen diren laguntzak dira.

Askotan, ekimen txikietara bideratuta egoten dira, baina lanean ari garen erakunde edo enpresaren barruan garrantzi handia izan dezakete ekimen horiek. EBPNren kasuan berriz, plana eginda egon arren, tokian-tokiko erakundeetara egokitu eta bertan landu behar izaten da.

HPSk kaleratutakoaren arabera, euskara planaren errotze eta instituzionalizatze maila eta bezeroaren hizkuntza eskubideak bermatzea kontuan hartuko dira. Lehenengoari dagokionez, Emun bere planak errotzeko gai izan dela esateko moduan dago. Badirelako, 10 urte baino gehiagoan Emunen hizkuntza zerbitzuak kontratatzen darraiten enpresak, eta hizkuntza eskubideei dagokienez, Emuneko profesionalek hainbat jarrera eta teknika landu izan dituzte inoren hizkuntza baztertu gabe, euskarari leku egiteko.