EMUNek LANABESA saria jaso du
2009-12-01 ¦ EMUN
LANABESA enpresa aldizkariak Emun eta CAFek lan munduan euskarari egindako bulkada saritu du
Euskarazko LANABESA ekonomia eta enpresa aldizkariak, hainbat euskal enpresa saritu zituen hilaren 26an Donostiako Zientziaren Kutxagunean: CAF eta EMUN lan munduan euskararen sustapenean egindako ibilbideagatik eta Alfa Arte, Epsilon Euskadi eta Elmubas beraien ibilbide profesional eta hazkunde enpresarialagatik.
Euskara kategoriako saria CAFek eta EMUNek jaso zuten. Sari honen bidez, EMUNek 1997tik, enpresa eta erakunde ezberdinetan planak martxan jartzen emandako laguntza tekniko eta metodologikoa saritu nahi izan du LANABESAK, eta CAFen, aldiz, euskara plana martxan jartzen aintzindari izatea eta gaur egun ere euskara sustatzen jarraitzea.
EMUNeko Eider Alustizak eta Dani Larreak jaso zuten saria eta Lanabesari eskerrak emateaz gain, ekonomia eta enpresa aldizkaria euskara hutsez argitaratzearen esfortzu eta ausardia errekonozitu zituen. EMUNeko ordezkariak, urte hauetan gure bezero izan diren enpresa eta erakunde guztiei eskerrak eman zizkien, bide luze honetan, hauek izan baitira gure bidelagun.

