Euskaraz? Pozik gainera!
2008-03-14 ¦ EMUN, Koop. E.
Legazpi, Zumarraga eta Urretxun Mintzalaguna ekimenaren bidez, hainbat dendari elkartu ziren euren artean euskararen erabilera sustatzeko. Urola Garaian abian jarri den proiektuaren helburua, euskaraz egiteko konfiantza hartzea da, beldurrak eta lotsak gaindituz.
Urola Garaiko MERKATARITZA GUNEETAN euskararen erabilera sustatzeko planaren aholkularitza eta dinamizazio lanetan ari da EMUN. Web gune honetan aurrez eman dugu egitasmo honen berri eta lehen urteetarako gestio plana zehaztuta dago.
2007an dendarientzako erabilera taldeak osatu zituzten, eta aurten dendari berriak sartu diren arren; oraindik asko ziren euskara sustatzeko planean zuzenean parte hartzeko zailtasunak zituztenak, ohitura edota ezagutza faltak baldintzatuta. Mintzalagun saioak antolatzea posible izan da eta otsailean bertan hasi ziren dendariak hirunaka edo launaka elkartzen. Oraingoz otsaila eta maiatza bitartean arituko dira jardunean ekimen horrekin, esperientzia pilotu gisa hartu baitute. Epealdi horretan eta 3 herrietan guztira 22 dendari arituko dira.
Urola Garaiko merkataritza guneetan aurten aurreikusita dauzkaten ekintzetako bat baino ez da dendarien arteko Mintzalagunarena. Horiez gain, Urola Garaiko Udal Elkarteek, merkatariekin eta merkatari elkarteekin elkarlanean, aurreikusita dauden beste ekimenak ere aurrera eramango dituzte. Pozik gainera!

