« Itzuli albistegira

KIROLA EUSKARAZ 2008 programaren berri eman du Urola Kostako Udal Elkarteak

2008-02-13  ¦  EMUN, Koop. E.

Kirol arloko materiala digitalizatzea, webgunea sortzea eta aldizkaria sortzea dira helburu nagusiak. Prentsaurrekoan, kirol elkarteekin elkarlanean egiten den eta EMUNek dinamizatzen duen "Euskara Sasoian" programaren berri ere eman zen

Urola Kostako Udal Elkarteak KIROLA EUSKARAZ 2008 programaren berri eman zuen otsailaren 6an. Lide Amilibia Udal Elkarteko lehendakariak, Xabier Urdangarin Udal Elkarteko Euskara Zerbitzuko arduradunak eta Jon Odriozola EMUNeko kideak eskaini zuten prentsaurrekoa.

Euskara zerbitzuak une honetan hiru ekimen nagusi ditu, beste hainbat ekimen txikirekin batera:

  • Alde batetik Euskara ON, euskara internet bidez eta autoikaskuntza bidez ikasteko zerbitzua, Zarauzko Udal Euskaltegiarekin elkarlanean.
  • Bestetik, Lanera, eskualdeko enpresatan euskara sustatzeko programa.
  • Hirugarrena, kirola euskaraz programa, kirolean euskara sustatzeko programa.

Dena den, osteguneko prentsaurrekoan Kirola Euskaraz programa izan zuten hizpide eta arlo honetan 2008ari begira Udal Elkartearen asmoak plazaratu zituzten. Programa honen barruan lau ekimen daudela azaldu zuen Amilibiak:

  • materiala digitalizatzea
  • webgunea
  • kirolari buruzko aldizkaria
  • eskualdeko kirol elkarteetan euskara sustatzeko Euskara Sasoian deituriko programa

Udal Elkarteko Euskara Zerbitzuko arduradun Xabier Urdangarinek gogoratu zuen eskualdean badela euskarazko kirol materiala, eta Udal Elkarteak argitaratutako materiala gogoratu du: arraunketako fitxak 2002 urtean, kirol elkarteen eskuliburua 2003 urtean eta surfeko fitxak 2004 urtean. Hain zuzen ere. Urdangarinek material hau guztia interneten jartzearen garrantzia azpimarratu du: «Gaur egun interneten ez dagoena ia-ia ez da existitzen». Horregatik, material hori digitalizatzearen apustua egin du Udal Elkarteak. Modu horretan, material osoa pdf formatuan eskuratu ahalko da, edota html formatuari esker, atalak kontsultatu eta deskargatu ahalko dira.

Euskara Sasoian programari dagokionez, berriz, Jon Odriozolak (programa kudeatzen duen teknikariak) adierazi zuen memento hauetan 29 kirol elkarterekin elkarlanean ari direla, eta aurtengoan hitzarmenak lantzen jarraituko dutela, kirol elkarteetan euskararen normalizazioa bultzatuz. Otsailaren bigarren hamabostaldian hasiko dira elkarte ezberdinak bisitatzen Euskara Sasoian programaren berri emateko. Ondoren, hitzarmen ereduak sinatuko dituzte eta "elkarteengandik hurbil" egotea, aurtengo helburu nagusia izango dela nabarmendu zuen. Eskualdeko elkarte handientzat, gainera, 60 orduko saioak antolatuko dituzte, batez ere, administraritza eta zuzendaritzan dabiltzanentzat.

Zorionak egitasmo hauetan egindako lanagatik eta animo eragile eta parte hartzaile guztioi!