Irungo 4 enpresek EUSKARA PLANA diseinatuko dute 2008an
2008-01-18 ¦ EMUN, Koop. E.
Alcampo, Bidasoa Bizirik, La Bacaladera eta Txingudiko Zerbitzuak lantegietan diseinatu eta inplementatuko dira euskara planak 2008an, eta EMUN aholkularitzaren laguntzarekin batera egingo dira lanak.
Irungo Udalak, Euskara arloaren bitartez, 2007an enpresen munduan euskara bultzatzeko plana abian jarri zuen. Horren helburua Irungo enpresetan eta lan munduan euskararen erabilera sustatzea da. Egitasmoa EMUN aholkularitzaren laguntzarekin batera gauzatzen ari da eta, lanaren ondorioz, Irungo lau enpresak 2008an euskara planaren diseinua egitea erabaki zuten: Alcampo, Bidasoa Bizirik, La Bacaladera eta Txingudiko Zerbitzuak. Hori guztia gizarteratzeko sinatze ekitaldi publiko bat egin zen eta, konpromisoa berresteko, 4 erakundeek Udalarekin hitzarmenak sinatu zituzten.
Irungo alkateak, Jose Antonio Santanok, historikotzat jo zuen egindako lankidetza hitzarmenen sinatze ekitaldia. Santanok ekitaldian azaldu zuenez, «sustapen lan horren ondorioz lau enpresa hauek konpromisoa hartu nahi izan dute, eta hori guretzat oso berri ona da, pozgarria».
Euskara arloko zinegotzia den Fernando San Martinek adierazi zuenez, alkateak aipatutako prozesua koordinazio lanaren emaitza da. Izan ere, Euskara arloko teknikariak, EMUNeko teknikariak, Lanbide Heziketako arduradunak, sindikatuetako ordezkariak eta alderdi guztietako zinegotziak aritu dira elkarrekin lanean. «Horri esker, hainbat elkarrizketa egin dira Irungo enpresetako arduradunekin. Elkarrizketa horien ondorioz, bederatzi enpresak eskatu zuten euskara plan bat garatzeko proposamen metodologiko eta ekonomikoa, eta horietatik lauk baiezko erantzuna eman zioten plan bat inplementatzeari».
Egitasmoa aurrera eramateko, Irungo Udalak EMUN aholkularitza enpresarekin batera egin du lan, eta ekitaldian EMUNeko ordezkari Ibon Usarraldek egitasmoaren eta gure lanaren gaineko hainbat datu eman zituen.
Animo, bada, 4 enpresa horietako arduradunei eta euskara plana abian jartzeko lanean arituko zareten guztioi!

