ULMAko Euskara Batzordeen arteko III. Topaketa
2007-12-07 ¦ EMUN, Koop. E.
Joan den abenduaren 4an, arratsaldeko 17:00etan hasi eta 19:30ak bitartean, ULMAko negozio guztietako 50 bat kide bildu ziren, hirugarren urtez jarraian, ULMA Zerbitzu Zentraletako areto nagusian.
Xabier Mugartzak, ULMA Taldeko Lehendakariak, argi utzi zuen bere estreinaldian topaketaren helburuak zeintzuk ziren:
- Planean parte hartze aktiboa dutenen artean harremanak sendotzea.
- Esperientziak elkartrukatzea.
- Euskarak lan munduan duen garrantziaz jabetzea eta sentsibilizazioa lantzea.
Izan ere, ULMA Taldeko negozio guztiak gaude dagoeneko euskara planetan murgilduta eta, bakoitzak bere bidea isolaturik egin beharrean, indarrak batu eta elkarrekin bidea egitea errazagoa da.
Bestalde, egiten dugun lana besteei azaltzea ere komeni izaten da denbora aurreztu eta indar guztiak ez xahutzeko eta sentsibilizazioa lantzea eta euskarak lan munduaz duen garrantziaz jabetzea ezinbestekoa da aurreko bi puntuak betetzeko.
Egitarau indartsua prestatu zuten hiru helburuen lorpena ziurtatzeko: topaketari buruzko sarrera egin ondoren hizkuntzaren motibazioan aditu Amaia Anteroren hitzaldiari ekin genion, Euskara zergatik eta zertarako. Eta lanean? izenekoan: bere diskurtsoan ideia berri asko jaso eta barneratzeko denbora izan zuten eta parte hartzaileak harriturik gelditu ziren ekologiak eta hizkuntzek zenbaterainoko harremana zuten ikusita.
Amaiaren hitzaldiak hausnarketarako beta eman zuen eta barneko hainbat kanpai jo arazi zituen. Ni ez nago euskararen alde, nire alde nago. Eta nire alde egoteak ezinbestean dakar euskararen alde egotea, neure parte delako.
Hitzaldia borobiltzeko talde dinamika bat burutu zen diskurtso honek ezer berririk eskaintzen zuen eztabaidatzeko. Modu berean, eguneroko lanean planteamendu honek lekurik ba ote zeukan edo ez ere eztabaidatu ahal izan zuten. Hitzaldiari buruzko ondorio nagusiak atera ondoren, negozioetako praktika onak azaldu zizkiguten gertutik landu dituztenek.
Xabier Mugartzak parte hartzea eskertu eta ekitaldiari amaiera emateko mezu hau zabaldu zuen: organoetako kideen parte hartzea erabakigarria dela euskara planen garapenerako eta erronka hori landu beharra dagoela.
Ondoren, 30 lagunetik gora bildu ziren Oņatiko Aterpe elkartean eta, umore onez eta pilak berriz ere kargatuta, afari merienda egin zuten topaketa ospatzeko.
Eskerrik asko denoi eta datorren urtera arte.

