« Itzuli albistegira

Irungo udalak lan munduan euskararen erabilera sustatzeko plana abian jarri du

2007-05-22  ¦  EMUN, Koop. E.

EMUN aholkularitzaren laguntzarekin batera egingo dira lanak

Irungo Udalak, Euskara arloaren bitartez, abian jarri du enpresen munduan euskara bultzatzeko plana, Lanean euskara zubi izenburupean. Helburua Irungo enpresetan eta lan munduan euskararen erabilera sustatzea da, 2006. urteaz geroztik aurrera daraman Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiari jarraiki. Egitasmoa EMUN aholkularitzaren laguntzarekin batera eramango da aurrera, eta aurkezpena egiteko pasa den ostiralean prentsaurrekoa eman genuen.

Egitasmoaren barne, ondoko lanak gauzatuko ditugu:

  • Prestakuntza: gaiaren inguruko prestakuntza berezia Udaleko ordezkari politiko, euskara teknikari, Lanbide Heziketako euskara teknikari eta ordezkari sindikalei.
  • Komunikazio plana: urte osoan zehar Irunen eta konkretuki esparru sozioekonomikoan planaren gaineko xehetasunak ezagutarazteko komunikazio ekintzak burutuko dira
  • Euskara planen sustapena egiteko bisitak: maiatzean hasita Irungo 20 enpresa inguruko ordezkariak bisitatuko ditugu, euskara planen gaineko xehetasunak aurrez aurre aurkezteko

Egitasmoa behar bezala garatzeko, Irungo euskara teknikariekin harremana etengabea izango da eta, horiekiko koordinazioaz gain, Irungo Jarraipen Batzordea ere abian jarriko dugu, non euskara teknikariez gain, sindikatuetako ordezkariek, Lanbide Heziketako zentroetako ordezkariek eta arduradun politikoek ere parte hartuko duten.

Beste eskualde batzuetan ere dinamizatu ditu EMUNek lan munduan euskara sustatzeko hainbat plan: Buruntzaldea, Debabarrena, Bergara ...