Urola Garaiko MERKATARITZA GUNEETAN euskararen erabilera sustatzeko PLANA AURKEZTU dute
2006-05-29 ¦ Emun
Euskara gizarte esparruak irabazi nahian dabil azken urte hauetan: komunikabideak, irakaskuntza, administrazioa, lan mundua... Urola Garaiko udal erakundeek ere heldu izan diote erronka horri, besteak beste udalerrietako denda edota saltokietan euskararen erabilera sustatzeko ekimenak burutuz.
Urola Garaia eskualdeko udalek, Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako teknikarien hausnarketa prozesu baten ondoren, eskualde osoan ekimen bateratua abian jartzea erabaki zuten; Urola Garaia Udal Elkartearen bidez egin ere.
Horrela bada, Udal Elkarteak Urola Garaiko Merkataritza guneetan euskararen erabilera sustatzeko plana jarri du martxan. Hiru urteko plan estrategikoa izango da eta Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako dendak, ile-apaindegiak, eta estetika zentroak izango ditu kontuan. Aurten hasi eta 2007ko otsailera arte diseinua eta lehen urteko inplementazio faseari ekingo zaio.
Plan hori aurrera eramateko, Udal Elkarteak EMUN Kooperatiba Elkartea kontratatu du, bai diagnostiko eta diseinu faseari dagozkion lan teknikoak egin ditzan, bai prozesu osoan zehar koordinazio eta aholkularitza lanak eskaini ditzan.
Jarraipen Batzordea osatu da, honako ordezkari hauekin: Udal-Elkarteko ordezkari bat, ILINTI eta BITARTEAN Merkatari Elkarteetako ordezkari bana, Ezkio-Itsasoko zinegotzi bat, udaletako euskara teknikariak, UGGASAko ordezkari bat eta EMUNeko bi teknikari.
Jarraipen Batzordeak honako helburu eta ekintzak zehaztu ditu 2007ko otsaila bitartean egiteko:
-
-Komunikazioa eta aurkezpen publikoa
-Diagnostikoa: inkestak, elkarrizketak eta behaketa. Hartarako dendariei bisitak ekainaren erdi aldetik aurrera. Emaitzak uztailaren 17rako.
-Diseinua: behin betikoa azaroaren 13rako. Tartean merkatariekin ekintzak adostuz. Ekintzak egiteko prest dauden merkatariekin ekitaldi publikoa azaroan.
-Inplementazioa: dendarien eta udal teknikarien arteko elkarlana.
-Ebaluazioa: egindakoak aztertu eta emaitzak gizarteratu. 2007ko otsailaren 28rako.

