Lan munduan euskara normalizatzeko plana egin dute Buruntzaldeko udalerriek
2005-01-20 ¦ EMUN
Andoain, Hernani, Astigarraga, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil udalerriek lan mundua euskalduntzeko plana prestatu dute elkarrekin. Emun kooperatibaren bidez jarriko dute abian egitasmoa.
Andoaingo, Astigarragako, Hernaniko, Lasarte-Oriako, Urnietako eta Usurbilgo udalak aspalditik ari dira euren herrietan euskararen erabilera normalizatu nahian. Buruntzaldeko udalek batera egiten dituzte hainbat lan eta ekimen, euren ahaleginak optimizatu nahian. Horietako ekimen bat honakoa da: lan munduan euskararen erabilera normalizatzeko plana.
Plan hori garatzeko Jarraipen Batzordea osatu da Buruntzaldean. Batzorde hori, udaletako, lanbide heziketako eta sindikatuetako ordezkariek osatzen dute. Buruntzaldeko udalek EMUN Hizkuntza Aholkularitzaren laguntza izango dute.
Plan horrek bi zati izango ditu: batetik, euskara normalizatzeko lan munduaren garrantzia gizarteratzeko komunikazio plana. Bestetik, herri horietan hainbat esperientzia abian jartzeko sustapen plana. Plan horretara gerturatutako enpresetan euskararen erabilera normalizatzeko planak diseinatu eta inplementatuko dira. Horretarako, udalek eta Eusko Jaurlaritzak enpresa horiei dirulaguntza emango diete.

