Aurkezpena

EMUN Kooperatiba Elkartea 1997an sortu genuen, euskararen normalizazio prozesuan eraginkortasunez, kalitatez eta errentagarritasunez jarduteko.

Gure xedean diogun bezala, euskara normalizatzeko prozesuaren barnean, edozein motatako enpresetan, administrazioan nahiz bestelako erakundeetan, lana eta euskara uztartu nahi ditugu, lan mundua euskaraz garatzeko, bezeroen asebetetzea lortuta. Helburu horiek lortzeko, HIZKUNTZA ZERBITZUAK eskaintzen dizkiegu Euskal Herri osoko bezeroei, inguru enpresarial edo instituzional bakoitzak, dagoen egoeratik abiatuta, urrats eraginkorrak egin ditzan euskararen normalizaziora iristeko bidean.

Urte hauetan gogor ekin diogu bezeroen gogobetetzea lortzeari eta, dagoeneko, gure bezeroek gurekin konfiantza eta bermea dute. Bezeroen urteetako leialtasuna da gure lanaren emaitza: ari garen sektorean erreferentzia garrantzitsu bihurtu gara.

EMUN 70 profesionalek baino gehiagok osatzen dute.

EMUNen ari garenok jendartean euskal kontzientzia sortu eta euskalduntzen lagundu nahi duen pertsona taldea osatzen dugu, oso zeregin desberdinei modu egokian erantzuten talde aritua eta aditua. Taldea ikasketa desberdinak egindako pertsonekin osatuta dago: ingeniaritza, irakaskuntza, zuzenbidea, ekonomia, enpresa ikasketak, informatika, soziologia, kazetaritza, filologia, graduatu ondoko ikasketak, masterrak.... EMUNen langileen formazioari garrantzi handia ematen diogu, etengabeko formazioa eskainiz. Gure lanen kalitatea hobetu, merkatuan dauden berrikuntzak sartu, kalitatezko zerbitzuak eskaini eta bezeroen beharrizanei erantzun egokia ematen jarraitzea da gure asmoa.

Badakigu bidea ez dela erraza, baina guztion artean aurrerapauso garrantzitsuak eman ditzakegu. Zeregin horretan elkarrekin izango garelakoan.

Dani Larrea,
Zuzendari nagusia

Dani Larrea. EMUNeko zuzendari nagusia.