Tolosako Udalak, Banaiz Bagara elkarteak, Tolosaldea GLHBI-ko Ikasmina: herriz herrik eta EMUNek elkarlanean euskara ikastaroak antolatu dituzte, adinekoen zaintzan lan egiten duten etorkinentzat. Hori aurkezteko prentsaurrekoa egin zuten atzo Tolosan.
Adineko pertsonen zaintzan, asetu beharreko lehendabiziko premia bezala, ondorengoak etortzen zaizkigu burura: laguntza fisikoarena, elikadurarena edota garbitasunarena. Baina hauez gain, hizkuntzarena, komunikatzerarena, mendeko egoera batean, elkar ulertzea baino gehiago da. Neurri handi batean, emozioak, konfiantza, lasaitasuna, norbere burua kokatzea … hizkuntzarekin lotuta daude. Laguntza edo zaintza behar duen adineko pertsona batentzat asko suposatzen du bere ohiko hizkuntza ezin erabili izateak.

Horregatik, arazo hauei aurre egiteko asmoz, Tolosaldea GLHBI-ko Ikasmina: herriz herri proiektuaren baitan, otsailaren 25atik aurrera bereziki adineko pertsonen zaintzaileei zuzendutako oinarrizko euskara ikastaro bat antolatu da. Sektoreko langileak eta sektore horretan lana bilatzen ari diren pertsonek hartu ahal izango dute parte. Baita adineko pertsona euskaldunek ere, zaintzaileekin praktikatuz euskarazko oinarrizko komunikazioa lantzen ikasi dezaten. Ekimenak Tolosako udalaren babesa eta diru-laguntza du.
Ikastaroan pertsonen zaintzan beharrezkoak diren elkarrizketa errazak irakatsiko dira baina baita hizkuntza berriekiko sentitzen den deserosotasuna gainditzen ere. Era berean, intuizioa erabiliz ulertzen, egoeraren arabera hitz egiteko modua egokitzen… erakutsiko diete parte-hartzaileei. Dena praktikan eta ahozko komunikazioan oinarrituta.
Saioen gidariak EMUN eta Banaiz Bagara elkarteko ordezkariak izango dira.
Ikastaroa 14 saiotan banatuta egongo da, eta otsailaren 25ean hasiko da, astean bi aldiz eta goizez.
Ikastaroa dohainik da, baina plaza kopurua mugatua egongo da eta asistentzia eskatuko da.
Izen-emate epea zabalik dago jada, eta horretarako interesatuek honako telefono zenbakietara deitu dezakete:
TOLOSALDEA GLHBI: 943 651 147 ikasekin@tolosaldea.com
BANAIZ BAGARA elkartea 943 331 455 / 645 733 818 ninaizgugara@gmail.com
Ikastaroa hasi aurretik, mahai ingurua
Ekimen honekin lotuta, datorren hilean, otsailaren 19an mahai ingurua egingo da Tolosako Kultur Etxean. Gaia honakoa izango da: Hizkuntzaren garrantzia adineko pertsonen zaintzan. Ekitaldia 19:30ean hasiko da eta honako hauek izango dira hizlariak: Xabier Mendiguren Bereziartu; Garbiñe Petriati (Hizkuntza Eskubideen Behatokia); Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako ordezkaria eta adineko pertsonen zaintzan esperientzia duen Matia Fundazioko ordezkaria.
Irakurtzen jarraitu...